EHMA

MANIFIESTO EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU ABOLIZIONISTA

Euskal Herriko Mugimendu Abolizionista (EHMA) emakumeen zaintza eta bizitza sustatzen dituen eta gure gorputzen eta bizien kosifikazioari, merkantilizazioari eta alienazioari aurre egiten dien plataforma feminista da. Neoliberalismoak, patriarkatuaren eskutik, emakumeak eta neskak salgaitzat hartzen ditu, haien ugalketa- eta sexu-ahalmena ustiatzen du, eta horrela mundu mailako industriarik indartsuenetako bat antolatu da.

Prostituzio-sistemaren bidez, gizonek andrazkoen gaineko nagusitasuna bermatzen dute, horrela maskulinotasun hegemonikoa eta ordena patriarkala indartuz. Prostituzio-kontsumoari buruzko datuak gero eta kezkagarriagoak dira, Espainiako Estatua da Europan eskari handiena duen estatua, eta munduko hirugarrena Thailandia eta Puerto Ricoren atzetik. Egoera horrek zuzenean eragiten dio Hego Euskal Herriari, legeria beraren eta industriaren eta lobby proxenetaren lurralde-sare beraren mende baitago. Gainera, turismo sexualerako leku bihurtzen ari gara, baita adingabeen prostituziorako ere. Nazio Batuen txostenen arabera, Espainiako estatuko gizonen %39k prostituzioa kontsumitu du, eta datu ofizialen arabera, munduko salerosketaren %80 sexu-esplotaziorako egiten da, eta ehuneko horretatik %80 andrazkoak eta neskatoak dira, eta gainerako %20 umeak, pertsona transexualak eta trabestiak dira. Prostituzioak trauma ugari eta ondorio fisiko eta psikologiko larriak eragin diezazkioke osasunari, prostituzio-egoeran daudenekin aritzen diren mediku eta terapeutek dagoeneko luze dokumentatu duten bezala. Prostituzio-sistema utzi duten gure kideen borrokak eta testigantzek erakusten dituzte lobby proxenetak “sexu-lan” gisa aldarrikatzen duenaren benetako neurria eta ondorioak, eta, berez, gizatasunik eza, beldurra, tortura, bakardadea, sufrimendua eta sexu-indarkeria dira.

Pornografia sexu-indarkeria esplizitua da, eta andrazkoak kosifikatzeko eta merkantilizatzeko modu astundua da; kontsumo-objektu hutsetara mugatzen gaitu, eta sexu-harreman hierarkiko eta bortitzen eredu bat erreproduzitzen du. Pornografiak prostituzio-sistema elikatzen eta betikotzen du, eta hezkuntza afektibo-sexual eskasarekin eta kontsumo-adinaren beherakada kezkagarriarekin batera (dagoeneko 8 urterekin kontsumitzen hasten dira), ondorio suntsitzaileak eragiten ditu sexualitatean eta, oro har, giza harremanetan. Pornografiak, prostituzioarekin batera, prostituzio-sistema osatzen du, eta legitimitatea ematen die adin txikitatik sexu-indarkeriaren kulturan hezten diren gizonei.

Alokairuko umetokiak – edo “gestazio subrogatua” edo “ordezkapen bidezko haurdunaldia” gaizki deritzona – ez dira laguntza bidezko ugalketa-modu bat, negozio gaizto horretan dihardutenek sinetsarazi nahi diguten bezala. Emakumeen eta haien ugalketa-gaitasunaren ustiapenaren aurrean gaude.

Industria horrek gizatasuna kentzen dio andrazko haurdunari, ukatu egiten ditu haurdunaldiak dakarren ahalegina eta sortzen den lotura, eta haur bat erosteko dirua duenaren nahiak bakarrik hartzen dira kontuan. Emakumeak ontzi-hartzaile hutsak dira, eta umeak desira-objektu. Haurren eta amen eskubide eta behar psikofisiologikoak alde batera uzten dira. Alokairuko umetokien azpian dagoen ideologiak emakumeak eta haurrak gauza bihurtzen ditu, eta logika patriarkala erreproduzitzen du, non, maila sinbolikoan, emakumeei bizia sortzeko gaitasuna kentzen baitzaie, gizonak sortzaile bihurtuz. Haurdunaldia eta erditzea bizi-prozesuak dira, amaren eta umearen artean lotura sakonak sortzen dituztenak, eta ondorio fisiko eta psikologikoak izan ditzakete bientzat, horietako asko bizitza osorako.

 “Haurdunaldi subrogatu altruista” eufemismo bat besterik ez da, haurtxoen salerosketa eta munduko emakume pobreenen ugalketa-ustiapena normalizatu nahi dutenek erabiltzen dutena. Familia izateko eskubidea jadanik jaio diren haurrena da, ez emakumeen sabelean hazteko gaitasuna ustiatu nahi dutenen horiena.

Bai sexu-esplotazioaren, prostituzioaren eta pornografiaren negozioan, bai ugalketa-ustiapenaren negozioan, oinarrizko eskubideak urratzen dira kontsumitzen edo erosten duenaren desio bat asetzeko, ez eskubide bat.

Ustezko adostasuna, agentzia eta biktimen aukera librea dira arazoaren muina desbideratzen duten terminoak: globalizazioa, pobreziaren feminizazioa, neoliberalismoa, kolonialismo sexuala eta ugalketakoa, azken batean, patriarkatuaren eta kapitalismoaren arteko aliantza kriminala da.

Ezin dugu onartu alderdi eta erakundeek halako axolagabekeriaz jokatzea arazo horren aurrean. Abolizionismotik giza eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, baita emakumeen esplotazioa prebenitzeko eta desagerrarazteko neurri politikoak ere.

Feminismoaren laugarren olatuak sexu-indarkeriaren aurkako borroka du agendaren erdigunean, eta horren barruan prostituzioa, pornografia eta alokairuko uteroak ezabatzea sartzen da.

Hori dela eta, lege abolizionista eta beste hezkuntza-neurri batzuk proposatzen dira tresna eraginkor gisa, emakumeek jasaten duten sexu- eta ugalketa-esplotazioaren aurka borrokatzeko eta sexu- eta ugalketa-harremanen eredu duina, askea eta bizitzarekiko errespetuzkoa sortzeko. Horregatik guztiagatik, 

HAUXE ESKATZEN DUGU:

  • Estatuak beharrezkoak diren baliabideak bermatzea, gizonen eta andrazkoen artean dagoen egiturazko desberdintasuna ezabatzeko. Desberdintasun hori dela eta, andrazkoak prostituzio-sistemaren sareetan harrapatuta geratzen dira, bereziki, haurtzaroan eta nerabezaroan sistemak gogor kolpatu dituenak, ahulenak, pobretuenak, gabezia egoeran eta sare mafiosoek harrapatzeko arriskuan daudenak.
  • Prostituzio egoeran dauden andreek ukatu ezinezko ordain egokia jasotzea, andreenganako indarkeria antolatu, normalizatu eta betikotzen duen sistemak eragindako ondorio fisiko eta psikologikoak pairatzen baitituzte. Horretarako, prostituzio-sistematik irtetea bermatuko duten neurriak eskatzen ditugu, oinarrizko errenta bat ezarriz, gizarte-laguntzak, babes-neurriak, prestakuntza, laneratzea, osasun arloan artatzeko neurriak, arreta juridikoa, laguntza psikologikoa eta beharrezkoa den beste edozein neurri, emakumeek berme guztiekin prostituzioa uzteko aukera izan dezaten.
  • Berariaz debekatzea prostituitutako emakumeei zehapenak edo zigorrak ezartzea, eta indarrik gabe uztea egoera horretan daudenei zehapenak ezartzen dizkieten udal-ordenantza, estatuko lege, lege autonomiko edo erregelamendu guztiak. Era berean, laguntzak jaso ahal izateko baldintza gisa, salaketak jartzea edo justiziarekin lankidetzan aritzea ezartzen duen edozein lege ere indargabetzea ezinbestekoa da.
  • Proxeneten eta mafien zigorgabetasuna amaitzea, bai eta prostituzio behartua soilik zigortzen duten legeek ahalbidetzen duten prostibuluen sistema desegitea ere, prostituzio-sistema hedatzeko bide ematen baitu, beste pertsona baten prostituzioagatik onura ekonomikoa lortuz. Zigor Kodea aldatzea eskatzen dugu, proxenetismo mota guztiak jazartzea aurreikusiko duen kode berria beharrezkoa baita, prostituituen ustezko adostasuna ezin delako inolaz ere izan andrazkoen sexu-esplotazioarekin jarraitzeko aitzakia. 
  • Prostituitzaileei zigor penalak ezartzea, ez bakarrik andrazkoek jasaten dituzten sexu-abusuari eta esplotazioari aurre egiteko, baizik eta prostituzio-eskaria, eta horrekin batera, gizakien salerosketa, modu eraginkorrean murrizteko.
  • Pornografia hedabideetan, sare sozialetan zein Interneten zabaldu eta banatzeko berariazko debekua, bai eta emakumeen irudiari kalte egiten dion publizitatea debekatzea ere, irudi iraingarria adierazten duena edo emakumeak gauzatzat jotzen dituena, esaterako.  
  • Hezkuntza afektibo-sexuala beren-beregi jorratzen duen irakasgai bat ematea hezkuntza maila guztietan, berdintasuna eta errespetua sustatuko dituena, pornografiaren eta prostituzioaren ondorio kaltegarriei aurre egiteko. Umeak eta nerabeak berdintasun eta bake balioetan hezteko neurriak eskatzen ditugu.
  • Komunikabideek informazioa ematea ikuspegi feminista eta giza eskubideen ikuspegia txertatuz, morboa eta sentsazionalismoa saihestuz. Sexu-esplotazioko sareak desegiteari buruzko albisteei, prostituzio-sistemaren benetako dimentsioei eta prostituzio-kontsumoak gizarte osoan eragiten dituen ondorioei estaldura eta jarraipena ematea, garbi geratu dadin gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko oztopo larria dela.
  • Prostituzio-sistema deuseztatzeko Lege Abolizionista onartzea, emakumeen aurkako bortxakeriaren adierazle diren prostituzioa eta pornografia desagerraraztea xede duen legea, alegia. Horretarako, prostituzioari eta emakumeen esplotazioari zein sexu-abusuei aurrea hartzeko neurriak eskatzen ditugu, berdintasunean oinarritutako heziketa afektibo-sexuala bermatzeari begira. Halaber, prostituzio-eskaria eta proxenetismo-mota guztiak zigortzeko neurriak hartu daitezela eskatzen dugu, prostituitutako andrazkoen ustezko baimena ez baita inolako arrazoia hori saihesteko; eta horrekin batera, prostituzio-egoeran dauden andrazkoei arreta integrala emateko neurriak zehaztea ere beharrezkotzat jotzen dugu.
  • Zuzenean edo zeharka umetokien alokairua ahalbidetzen duen legegintzako edozein neurri debekatzea, eta praktika horiek legeztatuta dauden herrialdeetan eginez gero, Estatuan ondorio juridikoak ezartzea.