Paula Fraga. Legelari eta ekintzaile feminista. 

“Prostituzioak eta umetokien alokairuak emakumeenganako zapalkuntza iraunarazten dute”

Paula Fraga

Paula Fragaren erretratua

Paula Fraga, jurista eta aktibista feminista, pasa den otsailaren 19an Leioako UPV-EHUren campusean egindako jardunaldi abolizionistetako hizlarietako bat izan zen. Jardunaldi horiek Ikasle Ekintza sindikatuak Euskal Herriko Mugimendu Abolizionistaren (EHMA) laguntzarekin antolatu zituen. 

Paula Fragari teoria feminista eta mugimendu feministarekiko interesa duela bost urte inguru piztu zitzaion eta lehenik topatu zuena prostituzioa utzi zutenen testigantza eta arazo ekonomikoak zirela eta beren umetokiak alokatzera jo behar izan zutenen testigantza izan zen. 

– Zer suposatu zuen zuretzat errealitate hori ezagutzeak? 

Emakume horien testigantzak entzun nituenean argi geratu zitzaidan prostituzioa eta umetokien alokairuak emakumeen aurkako biolentzia motak direla, tortura psikologiko eta fisiko moduan. Nere burua geroz eta gehiago prestatzen saiatu nintzen eta batez ere prostituzioa eta umetokien alokairua legitimatzen duten diskurtsoak entzuten hasi nintzenean, praktika misogino horiek legeztatu nahian, erabaki nuen aktibismoan eta teoria feministaren dibulgazioan parte hartzea eta azaltzea zergatik feministok hau dena biolentzia 

moduan ikusten dugun. Laburbilduz, nere aktibismoa, emakumeen zapalkuntza betikotu nahi duten diskurtso legitimatzaile horiei erantzuteko sortu zen. 

Desprogramazio psikologikorako teknikak

– Zer esan nahi du umetokien alokairua bezalako praktika batek? Zein onura ekarriko luke hau bezalako praktika bat legeztatzeak? 

Hasteko, umetokien alokairuak giza gorputzaren erabateko merkantilizazioa suposatzen du. Emakumearen esplotazioa, ugalketarako, eta gizakiaren salerosketa, umeekin komertzializatzen baita, ekonomiaren transakzio komertzialaren objektu bihurtzen baitira. Praktika hori legeztatzea ez da inongo kasuetan onuragarria izango, merkantilizazio eta biolentzia forma hau legitimatzea izango litzatekeelako. Gogoan izan behar dugu umetokia alokatzen duten emakume horiek egoera ekonomiko larrietatik pasatzen ari direlako egiten dutela. Izatez, badaude estrategiak, bitarteko moduan aritzen diren enpresenak, hobeto esanda, gizakien salerosketarako enpresenak, estrategia horien helburua da emakumeek barnean daramaten haurtxoarekiko lotura psikologikoki desprogramatzea, gero saldu dezaten. 

– Zer ari da gertatzen umetokien alokairua legeztatzea erabaki duten herrialdeetan? 

Legeztatuta dauden tokietako kontratuak hartu eta irakurrita, garbi ikus daiteke. Ikusten da nola kontratu horietan emakumeek beren gorputzarekiko autonomia erabat galtzen duten eta nola objektu gisa tratatzen dituzten. Badaude eskaintzak, zenbait enpresarenak, esaten dutenak haurdunaldia eta ondorengo salerosketa ez bada espero bezalakoa, ordezko bat jarriko dietela eta, gainera, haurra hiltzen bada dirua itzuli beharko dutela. Iraungitze data duen objektu gisa tratatzen gaituzte. Erabateko merkantilizazioaren aurrean gaude eta horrexegatik ezin da praktika hau legeztatu, horrek esklabotza legitimatzea suposatuko bailuke. Legeztatu den herrialdeetan, lehenik, legitimazio sozial eta juridiko bat egon da, onartu ezin dezakeguna, eta bigarrenik, herrialde asko daude, Kanada kasu; emakumearekiko bermeak dituen erregulazioa dagoela baieztatzen dutenak, emakumeak babesten dituen eta altruista den erregulazioa, gainera. Hori erabateko gezurra da, hor ez dago altruismorik. Ezinezkoa da altruismoa egotea ama bezala zure eskubideei uko egitea eskatzen dizuten kontratuetan eta gainera diru ordaina dago, mediku gastuengatik soilik bada ere. Beraz, delako altruismo hori erabat gezurtatu dezakete feministek, ez baita existitzen. 

– Praktika horrek, gainera, oinarrizko eskubideak urratzen ditu 

Eskubide asko urratzen dira: amaren filiazio eskubidea, bere integritate fisiko eta morala edukitzeko eskubidea, prozesu guztian zehar, bere gorputzarekiko autonomia galtzen baitu, eta umeek beren jatorria ezagutzeko eskubidea. Ezin da legeztatu eskubide horien guztien urraketa suposatzen duen zerbait. 

Lege abolizionista 

– Prostituziorako pertsonen salerosketaren kontra egiteko lege bati dagokionez, posible da salerosketa horrekin amaitzea prostituzioan jarri gabe fokua? 

Ez, inolaz ere ez. Gizakien salerosketa, esplotazio sexualerako, eta prostituzioa banandu ezin daitezkeen bi errealitate dira, salerosketa existitzen da prostituzioa ume eta emakumeez hornitzeko. Prostituzioak eguneko 5 milioi euro sortzen dituen herrialde batean bizi gara, hirugarrena munduan prostituzioaren eskariari dagokionez, eta lehena Europan. Nola hornituko genuke eskari hori ez bada gizakien salerosketaren bidez? Prostituzioa eta gizakien salerosketa bananduko ez dituen lege abolizionista bat behar dugu, prostituzio sistemaz hitz egiten duena. 

– Hortaz, ezin da egon bereizketarik prostituzioaren eta lan sexualaren artean, edo prostituzio aske eta behartuaren artean. 

-Horixe bera, ez dira bi errealitate desberdin. Lan sexuala ez da existitzen, lobby proxenetaren estrategia bat da prostituzioak suposatzen duen esklabotza eta subordinazio sexuala legitimatzeko. Hitzekin jokatu eta esplotazioa lan arrunta, besteak bezalakoa, bihurtzea. Orduan, ezin dugu sexu lanaz hitz egin eta ezin dugu inolaz ere terminologia hori onartu, egiten duen bakarra emakumeen zapalkuntza sexuala betikotzea baita. 

– Zertaz hitz egin behar dugu, prostituzio sistema eta prostituzioa abolituko dituen lege batez ala gizakien salerosketaren aurkako lege batez? 

-Emakumeen esplotazio sexuala erabat deuseztatzea ia utopikoa da, baina hori lortzeko bide bakarra lege abolizionista bat da. Gainera, lege abolizionista bere onurak ematen ari da, adibidez, Emakumeentzako Pakearen Legea, 1999koa, edo eredu suediarra moduan ezaguna, funtzionatzen ari dena, eta Suedian gaur egun 1000 emakume baino gutxiago daude prostituzio egoeran. Espainian ez dago zenbateko frogagarririk, baina datuek 100.000 eta 300.000 emakume prostituituez hitz egiten dute. Beraz, bide bakarra estatu mailako lege abolizionista bat da, prostituzio sistemari buruz hitz egingo duena eta ez dituena salerosketa eta prostituzioa bereizten, ezta prostituzio boluntarioa eta behartua ere, eta gainera sistema integral bat ezarriko duena bizileku baimenekin, oinarrizko errenta batekin, benetako lan batekin eta bizileku batekin. Gainera, lege abolizionista horrek zigor-kodea aldatu beharko du hirugarrengotza kontzeptua (lokalak alokatzea prostituziorako) sartzeko, proxenetismoaren modalitate bat dena, eta gainerako proxenetismo modalitate guztiak, “proxenetismo ez hertsatzailea” adibidez. Esplotazio sexuala deuseztatzeko modu bakarra lege abolizionista bat da.