• Kaixo Edurne eskerrikasko gure gonbidapena onartzeagatik

Eskerrikasko zuei nigan pentsatzearren gai honen lanketarako. Edozein gaietan sakondu aurretik garrantzitsua iruditzen zait beti kontestu bat ezartzea; kasu honetan, Heziketa afektibo-sexualaz hitzegiten hasi aurretik funtsezkoa da zein Gizarte eredutan gauden kokatzea.

Gure kasuan Gizarte heteropatriarkal eta kapitalista batean bizi gara eta kutsu katoliko handia mantentzen duena nahiz eta ofizialki laikotasuna finkatu legeetan. Aipaturiko ardatz guztiek gizartea antolatzen dute oso paper bereizia emanaz emakumeei eta gizonezkoei, eta bizitza intimoa ere antolatuaz espeziearen iraunkortasuna  eta kapitalismoaren garapenerako eskulana ziurtatuz. Betirako ezkontzak seme-alaben zaintza eta gizonezkoarentzat egonkortasuna dakar bere produktibitatea ere egonkorra izatea bamenduz. Erlijioa ardatz nagusi izanez gero, erlijioen arteko gatazkak sortzen direla ikusiz piskanaka kapitalismoa eta kontsumoa bihurtu dira erlijio eta honek indibidualismoaren fantasia sustatu du; honela soilik ahal zuen funtizonatu globalizazioak eredu bakar baten baitan. Indibiduoen behar eta ilusioekin jolasten hastean, beharrezkoa zen erlazio afektiboak ordenatuko zituen eredu bat, aurreko premisak mantenduko zituena; honela sortu zen maitasun erromantikoaren kontzeptua, edertasun kanonei lotuta “maitagarria” nor zen finkatuaz.

Estatuak, legegizonek eta apaizek gure bizitzan agintzen dutela sentitzetik gu geuk erabaki eta aukeratzen dugunaren pertzepziora pasatu gara; hemen, gure gizarte moderno honetan, guk geuk aukeratzen  dugunaren ilusioan bizi gara, bikotea barne.Moralak ezarritako betirako ezkontzatik maitasun erromantikoaren laranja erdiaren eredura pasa gara, non erabat enkajatuko duen beste erdia bilatu behar dugun betirako zoriontsu bizi ahal izateko. Ildo honetan kokatzen da Heziketa afektibo-sexuala; aske bagara eta geuk aukeratzen badugu beharrezkoa da kontzeptu hau buruan izatea, afektibitatea eta sexualitatearen inguruan pentsatzea, imaginario kolektiboaren inguruan hausnartzea, erlazio estereotipoak aztertzea etab.

Ikus dezakegu sarrera guzti honetan  gure bizitza intimoa arautzen duten kontrol sozialerako estrategietaz hitzegin dugula, eta non dago norbere desioan oinarrituriko bizipen afektibo sexuala?? Ba honetara iristeko pentsamendu kritikoa sustatu behar da lehenik, aipaturiko guztia neutralizatu beharko dugu geure gorputzetan, geure nortasuna indartuz desira propioarekin konektatzean lortuko dugu.

 

  • Gizarte honetan asko hitzegiten da askatasun sexualaz baina aldi berean neskatoen sexualizazio goiztiarra bultzatzen da, pornografía izugarri kontsumitzen da geroz eta eredu bortitzagoak ezarriaz…Zergaitik uste duzu jarraitzen duela indarrean emakumeen desioa kontuan ez duen eta gainera biolentzia naturalizatzen duen eredu afektibo-sexuala?

Kontuan izan behar dugu 40 urtez errepresio itzela jasandako gizartea dela gurea; emakumeekin bereziki gogorra izan zen errepresio sistema batetik gatoz, Maria Gonzalez Gorosarrik modu ezinhobean jasotzen du “No lloréis, lo que debeis hacer es no olvidarnos: Izarren argia” liburuan. Errejimena bereziki bortitza izan zen emakumeekin.  Gizarte izoztu eta ixil hura, trantsizioarekin batera bapatean eguneratu nahi izan zen ezer pasa ez balitz bezala inguruko herrialdeen pare jarri nahirik historia ezabatuz;  askatasun sexualaren idealizazioak baimendu zuen pausu hori “majikoki” ematea, prozesua gorputzetik pasa gabe. Gorputzean errepresio bortitzak eragindako hoztasunaren aztarnei arreta jarri beharrean, barruak goxatu eta bizitzari heltzeko prozesua errespetatuz; akzioaren bitartez nahi izan zen gainditu sexualitatea aktibismo bihurtuz, doluari aurre egin ezinda lanean edo parrandan bolkatzen denaren antzera. Honela, olatu honen eraginez, ulertu dugu sexualitatea modu askean bizitzea erlazio sexual anitzak izatearekin dagoela lotuta eta ez bakoitzak bere gorputz, historia afektibo eta desiren arabera bizitzekoa. Honekin loturik dauden bi ideia kutsagarri irentsi ditugu: bata sexualitatea akzioarekin lotzea eta ez egotearekin ( zer egiten duzun eta zein posturetan da balio duena, ez nola sentitzen zaren norekin), eta bestea desioa kitzikapenarekin nahastea.

Piedad Ruiz-ek oso ondo azaltzen du “El maltrato a la mujer” liburuaren lehen kapituluetan, nola emakumeari ez zaion inoiz desio propio bat aitortu, eta nola irizpide propio bat izaten saiatu direnak zigor eredugarriak jaso dituzten besteon alekzionamendurako; beti ere zientzia gizonen argumentuekin lagunduta. Egia esan, desio subjektibo gorpuztua izatea ez zaigu baimendu ez emakume eta ez gizonezkoei; gizonezkoak euren kitzikagarritasurekin entretenituak dituzte euren balioa boterearen ekitearekin loturik eta pribilegio sozialekin eroso mantenduaz, bidean galduriko gizatasunaren kontzientzia arrastorik gabe.

Orduan, adoktrinamendu eta errepresio bortitzetik, non sexuaren helburu bakarra ugalketa zen, sexualitatea ekintza geroz eta ugari eta bariatuagoak egitearekin lotzera pasa ginen; salto honetan daude gaur egungo egoera ulertzeko klabe asko.

 

 

  • Familian ahal ditugu eredu alternatiboak landu berdintasun eta errespetuan oinarrituriko erlazioak eskainiaz interneten eta komunikabideetan jasotzen dutenaren alternatiba gisa, baina egia da oraindik ere gurasoen aldetik egon daitekela zailtasuna sexualitateaz lasaitasunez hitzegiteko, nola gainditu ditzakegu zailtasun hauek? 

                Gizarte honetan jaiotzen diren haurren sozializazioaren ardura familia eta eskolak dute; sozializazio prozesu horretan haurrei errealitatea begiratzeko modu bat trasmititzen zaie, eta batzuetan modu ezberdinak. Haur eta nerabeen jokaera eta jarrera guztiak ulertu behar ditugu jaso dutenaren islada modura; helduok barneratu ditugun filtrorik gabe noski, honengaitik egiten zaizkigu gordinegiak euren adierazpenak batzutan, guk esan gabe transmititu diegun hori jartzen digutelako aurrean. Esaten ez denak uzten du aztarnarik sakonena.

Honengaitik, guraso izatean, subjetu bezela egin dugun ibilbidearen araberakoa izango da gure trasmisioa; ez irakurri ditugun liburu kopuruaren araberakoa edo egin ditugun ikastaro kopuruarena. Geuk gorputzean markatuta ditugun mitoak izendatzeko gai garen heinean liberatuko ditugu gure seme-alabak hauetaz. Honengaitik iruditu zait beharrezkoa kontestua izendatzea, geure arbasoak izendatu gabe utzitakoaren aztarnak gure gorputzetan daude.

Guraso bezala sarri izaten dugu seme-alaben behar eta galdera guztiei erantzun behar diegunaren sinismena, baina zalantza eta galderak izatea da jakituriarako bide bakarra. Heziketa afektibo-sexualari dagokionean “afektibo” zatia ahazten zaigu; alderdi honek ematen digu gizatasuna eta geure gorputzarengan konfiantza, eta lasaitasun nahikoa gorpuzturiko gozamen baterako bidea esploratzeko. Norbere sentipen eta gogoei arreta jartzen ikasten badugu bakarrik erabiliko dugu kuriositate sexuala geure garapenerako bide gisa; eta sexualitatea modu anitzetan bizi daitekela eta bakoitzak bere bidea egin behar duela ikasten badugu alboan dugunaren sentipen eta erritmora adi egongo gara.

Gizakion lehen identitatea gorputzekoa da; lehen urteetan bizipen eroso eta goxoak bizi izan baditugu, gure gorputzaren erritmoak zentzu bat baduela bizitu badugu baliozko gorputz bat dugunaren konfiantza izango dugu. Esfintereen kontrolak funtzio oso garrantzitsua du honetan, konfiantza honek autonomiarako gogoa pizten duelarik.  Honengaitik dituzte luzera begirako ondorio emozionalak lehen urteetako hospitalizazioak eta gaixotasun bizipenak.

Gorputza berriro ere jokoan jartzen da sozializazio garaian; gizarte honetan bereziki gorputzaren utilitatean jartzen da indarra, 6 urtetarako dauden kirol guztiak ezagutu, baloi mota ezberdinak manejatu, patinak, patinetea, bizikleta etab maneiatu…Estimulazio anitza eta etengabeko mugimendua bultzatzen dugu, kitzikapenaren bila uneoro, momentuko satisfakzioa deskarga fisiko baten bitartez. Ohikoena da gainera aktibitate guzti hauetan besteekiko interakzioa beti objektu baten bitartez edo lehia baten bitartez arautua egotea. Behin gorputz aktibitate hauek denak kontrolatu dituztenean eskolaz kanpoko ekintzekin hasten gara, eta ekintza hauetatik oso gutxi dira norbere erritmora egokitzen direnak, gehienak modu mekanikoan arrakastara daramatzaten ekimenak egitera bideratzen direlarik ( kiroletan partiduak irabazi, dantzetan koreografia osoa barneratu erakutsi ahal izateko, ingelesean tituluak lortu…).

Sexualitatea gorputz bizipen bat da, eta geure sentsazioei arreta jarri eta erantzun ematen ez badugu ikasi, bakoitzak bere erritmoak dituela, batzuetan gelditu eta geure buruarekin egotea beharrezkoa dela, sentipen oro direla baliozkoak, lejitimoak, norberarenak…Elkarrizketa baten bitartez errespetuaz eta gozamen konpartituaz hitzegiteak ez du balio.

Pertsonak bezain beste gorputz daude, izaki gorpuztuak baikara, kontzientziak bereizten gaitu animaliengandik, geure buruarengan pentsatzeko gaitasunak, eta honek egiten du pentsamendua, irudimena eta gorputza bat eginda egotea, hitzak eta sinismenak tatuaje ikustezin gisa ditugu gorputzean.

 

 

  • Nola uste duzu ahalko genukela landu haur eta nerabeekin bestelako eredu bat?

                 Lehenik eta behin efektibotasun eta produktibitatearen ereduak astindu behar ditugu geure buruari psikologo eta hezitzaile profesional izatea exijitu beharrean, erantzun eta metodo majikorik ez dagoela onartu eta eskura egon, euren bizipenak entzun epaitu gabe, geure bizipenetatik atera ditugun ondorioak elkarbanatu, geuregan sumatu ditugun kontradikzioetaz hitzegin eta gaur egun sumatzen ditugun ereduetaz dugun iritzia eman nola sentiarazten gaituzten konpartituaz…

Azken finean, eredu alternatibo bat sortzea ibilbide luzeko prozesua da, ez da master class batekin edo 10 coaching saiorekin lortzen; geure bizipenek baldintzatzen gaituzten eta ditugun puntu itxuen kontzientzia hartzen dugunean, geure kontraesanak onartzen ditugunean eta hau inguruan ditugun nerabeekin elkarbanatzen dugunean ikusiko dute bakoitzak bere ibilbidea egin behar duela, ez dagoela ibilbide perfekturik eta estrapuzu korapiloetatik ere ikasten dela.

Subjektu izatea baimendu nahi badiegu gaur egun ditugun exijentzia  eta eredu ezinezkoetatik askatu behar ditugu gertuko ereduak eskainiaz, inperfektuak, zalantzaz beteak, jakintza absoluturik gabe baina biziak.

Hitz gorpuztuari jartzen diote arreta nerabeek, bizitako esperientzien fruitu den hitzari, benetakotasunari. Aspertuak daude jakituria hutsaz, liburuetako argumentuen erreprodukzioa denaz; honengaitik katiatzen dira erreality eta youtubeko influencer-etara, lehen pertsonan hitzegiten dutelako eta besteen esperientziak ezagutzeko gosea dutenez, ez badiegu eduki horien fikziotasuna azpimarratzen eta gertuko eredurik eskaintzen horiek izango dituzte hezitzaileak.

Produktibitate eta aktibitate geldiezinezko bizitza honetan, guraso bezala ditugun ausentziak gure seme-alaben eskaerei erantzuna ematen saiatuaz konpentsatzen dugu, geure irizpideen aurka joanaz askotan. Familiekin landu behar izaten dugun kontzeptu garrantzitsuenetakoa da eskatzen digutena eta behar dutena bereizten ikastea; eta batez ere, kontsumo gizarte honen jomuga nagusia haurrak direnaren kontzientzia hartzea indar honen neutralizatzea izango delarik gure gurasotasun eredua mantendu ahal izateko lanik handiena eta nekagarriena.

Haur bakoitzaren prozesua bakarra da eta guraso bezala ezagutzen dugu nolakoa izan den, zein bizipen izan ditugun eta nola baldintzatu duten gurasotasuna etab.  Gure seme-alaben heldutasun maila guzti horren araberakoa izango da, beraz ezin dira kalean ibiltzeko ordutegiak, kontsola erabiltzeko adina, telebista ikusteko denborak etab bateratu; taldearen araberako arauak ezartzen baditugu geure seme-alabaren prozesua kanpo faktoreek baldintzatzen uzten ari gara, arloren batean prestatua ez dagoen erronkaren batetara bultzatuko dugularik eta ondoren erantzunkizuna eskatuko diogu, konfusio eta gaizki ulertu pila bat sortuaz erlazio horretan pitzadurak sortuko dituenak, nerabezaroari eusteko zailtasun izan ditzakegularik honen ondorioz.

Honela, autoritateek ezarritako gutxieneko adinak sare sozialetan sartzeko ez ditugu aintzat hartzen baina eskatzen diegu erretzeko eta edateko gutxieneko adina errespetatzea. Iada heldu izanik deskubritu ditugunontzat ere adiktibo bihurtu diren sare sozialak kudeatzeko gai ikusten ditugu 10 urterekin??Hori da smarthphone bat oparitzearen arrazoia?? Edo ez dugu bere estatus soziala jokuan jarri nahi eta ez dugu bere frustrazioa kudeatu nahi? Kontuan izan behar dugu 10 urterekin internetera sarbide librea izatea alkohola baina droga askoz gogorragoa dela eta hor izango duela sozializaziorako eredu bat oso koloretsu eta erakargarria baina aurretik izendaturiko konfusio guzti horiek  ere.

 

 

  • Ikerketa askok azpimarratzen dute nerabeengan erlazio toxikoak areagotzen ari direla, agertzen dela, Eskoletan ematen den Heziketa afektibo sexuala ez da nahikoa edo aldatu beharko litzateke?

                Pertsona izaten eta errespetuan oinarrituriko erlazioak izaten ikasi egin behar dugu, ez dugu berezkoa. Gainera, gure espeziearen berezitasun nagusiena ingurunera egokitzeko gaitasuna da; kontestu bakoitzean eskatzen digutena ematen ikasten dugularik oso txikitatik. Honengaitik gure seme alaben garapena modu globalean ezagutzeko oso atentu egon behar gara eskolan eta berdinen artean duen jarrera eta bizipenetara; lehenik entzun asaldatu gabe, bere ingurua nolakoa den ezagutzeko, eta ondoren bere burua zaindu dezan estrategiak pentsatu berarekin batera.

Sarritan, beste gurasoek edo irakasleek esaten digutena sinistu ezinik ezeztatzen dugu, intentzioren bat egotziz eurei edo benetan ezagutzen ez dutela pentsatzen gure burua lasaituz; baina gure seme alaben alderdi ilunak kudeatzeko gai izan behar gara, eta honetarako geure alderdi ilunak onartu behar ditugu, gailentzeko inpultsoak izan ohi direla onartu eta nola kudeatu hitzegin ahal izateko lasaitasunez.

Asko hitzegiten da gurasotasun positiboaz azken garaietan eta baita haur bakoitzaren erritmoa eta emoziotasuna errespetatzearen beharraz, baina batzuetan emozioen kudeaketaz hitzegitean ahazten zaigu emozio negatiboak mugatzen ikastea guztiz beharrezkoa dela elkarbizitzarako; emozio negatiboak geure burua gailentzea ekidin behar dugu, deskontrol sentipen horrek aztarna mingarria uzten duelako, hauek eutsi eta mugatzen erakutsi behar diegu.

Bestalde, hezkuntza sistema publikoak izugarrizko murrizketak sufritu ditu eta nerabezaro garaian gatazka handiak sortu izan dira irakaslegoa eta gurasoen artean; honek bi kolektibo hauek elkarrekin modu defentsiboan komunikatzera eraman gaituelarik. Hau da gaur egun gudun arazorik handiena nerabezaroari eusteko, inoiz baino isolatuago dauden garai honetan konektibitateak ematen dien sozializazio fantasian errefuxiaturik, lobby digitalen presa ezin-hobeak sortzen ari gara. Nerabezaroari eusteko komunitatea behar da; gutxieneko arau garbiak dituen eta gizartean leku bat emango dion familia ez den komunitatea.

Nerabezaroan, gai honetan ikasgai garrantzitsuena barne lege bat ezartzea da; haurtzaroan zehar kanpo legeekin funtzionatu ohi dugu, ezarri diskiguten arauak betetzen gurasoengan eta inguruko helduengan oinarrizko konfiantza dugulako eta gure hobebearrez finkatzen dituztela arau hauek sinistuta baina zentzurik ohartu gabe. Haurtzaroa apurtzen da helduon kontraesanen kontzientzia hartzean, erantzun guztiak ez ditugula ohartzean, hanka sartzeak ditugun pertsona soilak garenaren kontzientzia hartzean. Honela, nerabezaroan sartzean norbere legeak sortzeko beharra izaten da, lagunarteko kodeak ezarriz, irakasleekin eta gurasoekin arauak negoziatuaz etab. Lehen erreferentzia nagusiak gurasoak ziren lekuan orain beste nerabeak izaten dira, eta  sozialki baliotsua den hori; helburu nagusia ingurune hurbilean baliozko leku bat lortzea da. Haurtzaroan etxean eta familian leku eta balio bat izan duenak barne segurtasun eta lasaitasunarekin egingo dio aurre aro berri honi; baina gorabeherak, aldaketa handiak, doluak etab. izan dituenak ez du oinarri izango eta probatuko dituen nortasunak erabat ezberdinak izan daitezke, jokaera eta jarrera antagonikoak mantenduz kontestu ezberdinetan.

Barne lege bat osatzen probatzeko, gurasoenetik aldenduz ahal den neurrian, beharrezkoa da hau baimenduko duen komunitate bat; komunitate honetan elkarbizitzarako arau garbiak eta zintzoak badira ulertuko du guztiontzat lekua dagoela gizartean elkarbizitzarako gutxieneko errespetu eta zaintza barneratzen badugu. Baina haurtzarotik irtetzeko kuriositatea piztu orduko komunitate digitalera sarbidea ematen diegu; askatasun indibidualaren hitzezko aldarrikapena egin baina zein jostailu erosi, hauekin nola jolastu, zer jantzi, nola dantzatu, nola jokatu, nola marraztu, esaten dion komunitate batetara. Komunitate honetan berehala ikasten dutena da gutxi batzuk dutela líder izateko aukera, guztion gustuko izan eta hauengan eragina izatekoarena. Honela, neskatxei zuzenduriko bideo guztiak edertasun ereduen ezarpenean oinarriturik daude, ahots finean hitzegin eta abestuaz, jarrera sumiso eta erakargarria izanaz, nola sukaldatu, eskulanak egin, orraztu, makilatu jantzi etab. lantzen dute. Mutilei zuzenduriko bideoak berriz biolentzia saritzen duten bideojokoetan nola jolastu, zein tranpa egin jokuetan puntuak eta pribilegioak lortzeko, broma/erasoak nola egin zigorrik jaso gabe, humore/burla jokaera eta jarrera ezberdinak den oro jomuga izanik, eta bideo sexual violento eta misoginoak.

Errealitate honen kudeaketarako gaur egun ditugu institutuko irakasleak, egoeragatik gailenduak; nerabezaroa kudeatzeko formakuntzarik gabe, ikasleen desafioei modu lasaian erantzuteko zailtasunekin ( batzuk estrategia faltagatik eta besteak gurasoen erreakzioei beldur), geroz eta baliabide gutxiagorekin egoera geroz eta konplexuagoak kudeatzeko.          

                Guzti honengaitik iruditzen zait gaur egungo nerabezaroari heldu ahal izateko erantzuna komunitarioa izan behar dela, sexualitatea erlazio sozialen arlo bat bait da, sortzen dugun erlazio ereduaren islada izango dena.

 

  • Aipatzen duzun sozializazio digital horretan jasotzen duten ereduak nola eragiten du nerabeen garapen afektibo-sexualean? Nola neutralizatu genezake eredu alternatibo bat sortu ahal izateko?

                 Garapen afektibo-sexuala modu osasuntsuan eman dadin psikea eta gorputzaren arteko konexioa manendu behar da eta bakoitzaren erritmoa errespetatuz lagundu. Pentsamendu zientifiko garaikideak egia bakarra eta absolutoa defendatzen du, “objetibazioa”-ri ematen zaio balioa subjektuaren gainetik; ondo txikitatik estatistikak markatzen du “normaltasuna”-ren muga, denerako gidak ditugu estatistika hauetan oinarrituak, garapen pausu bakoitzaren denborak ezarriaz, gehiengoaren parte izateko presioa ezarririk.

Honi erantsi behar diogu genero estereotipoen ezarpena eta honek nortasunaren eratzean duen eragina; haurtzaro osoa pasatzen dugu ingurua behatzen, ikusten duguna imitatzen baliogarri zaigun probatzeko, ingurunera egokitzeko helburuarekin. Komunitate bezela eskaintzen dizkiegun erreferentziak izango dituzte aukeratzeko, baina….ba al dugu komunitate izaerarik gaur egun? Eskeintzen al dizkiegu gertuko erreferentzia baliagarriak pertenentzia eta etorkizun erakargarri baterak obidea eskaintzen dizkienak?

Bauman-ek ongi definitzen du egungo gizartearen izaera likidoa; ez dago eredu iraunkorrik, elkarbizitzarako gutxieneko balore estrukturarik, etengabeko aldaketak sortzen duen ziurgebetasuna da nagusi, loturak ahuldurik eta euskarri baliogarririk gabe.

Guzti honek zaila egiten du oinarrizko nortasun baliagarri bat osatzea, presio sozialarekiko babesgabetasuna areagotuz. Honela, mass media, telebista eta internet bihurtzen dira gizarteratze eredurako iturria; askatasun osoaren itxura du, eredu anitzen eskaintzak aberastasunaren itxura daukate. Baina itxura koloretsu eta anitz honen azpian genero estereotipo zurrunak, konpetitibitatean eta boterean oinarrituriko erlazio ereduak, eta kontsumo hutsean oinarrituriko gozamen eredua bultzatzen dira.

Psikea gorputzetik banandu ezin den bezala sexualitatea ezin da erlazioetatik banandu; sexualitatea funtsean gure gorputzarekin dugun erlazioan oinarritzen da, geure gorputzarekin eta besteekin interakzioan gozatzeko gaitasuna da. Baina gaur egun kontzeptuak hustu eta salerosketa eta botere kodeetan berdefinitzen dira; Heziketa sexualaz hitzegiten dugunean ekite sexualera murrizten garelarik eta penetraziora mugaturik.

Heziketa afektibo-sexuala zeharka landu beharreko gaia da haurtzaro eta nerabezaro osoan, norbanako bakoitzak bere gorputzarekiko duen erlazioa landu ahal izateko, eta aro bakoitzean dagokion erronkei aurre egiten laguntzeko. Garapena lasaitasunez eta gatazka handiegirik gabe burutzen denean nerabezaroari aurre egiteko baliogarria izango zaion oinarrizko identitate bat osatu ahalko du; honek bere buruarengan konfidantza izatea ahalmenduko du, eta ez du besteengan boterea erabiltzeko beharrik izango baliotsu sentitzeko. Honela prebenitu ahalko genituzke ikasleen arteko jazarpen dinamikak, maitasun erromantikoaren baitan ezartzen diren mendekotasun sakoneko erlazioak etab.