Rosa Cobo Bedia. Coruñako Unibertsitateko Soziologia irakaslea eta idazle feminista.

“Ezkerrak Stockholmeko sindrome antzeko bat du prostituzioan ari diren emakumeekin”

Rosa Cobo

Rosa Cobo soziologoak, Coruñako Unibertsitateko irakasleak, joan den otsailean parte hartu zuen Ikasle Ekintza ikasle-sindikatuak eta Euskal Herriko Mugimendu Abolizionistak (EHMA) lankidetzan antolatutako Jardunaldi Abolizionistetan. Teoriko eta ekintzaile horrek, elkarrizketa honetan, gako garrantzitsuak ematen ditu, abolizionismoa zer den jakiteko eta feminismoko eta ezkerreko zenbait sektore pentsamendu-ildo horretatik zergatik baztertu diren aztertzeko.

– Zer ibilbide historiko izan du abolizionismoak feminismoan?

-Uste dut bidezkoa dela esatea abolizionismoa, abolizionismo deitzen ez zenean, feminismoaren jatorrian bertan zegoela. XVIII. mendean Mary Wollstonecraft-ek, adibidez, prostituzioaz hitz egiten zuen esklabotasun umiliagarri gisa. Kexa-koadernoetan prostituzioaren onartezintasuna aipatzen zen, lanbide zenik ere ez zen onartzen. Argi dago XIX. mendean mugimendu sufragista abolizionista zela.

Garai hartan bertan, gizarte erreformatzaileen tradizioa sortu zen, eta haren ordezkari nagusia Josephine Butler izan zen. Esan liteke, purismoan, berak mugimendu abolizionista sortu zuela. Bigarren olatu feministaren ondoren, Simone de Beauvoir-ek azaltzen du prostituzioan ari den emakumearengan emakumeen esklabotasun guztiak batu eta laburbiltzen direla. Feminismo erradikala, bai 70eko hamarkadakoa bai 80ko hamarkadakoa, erabat abolizionista da. Izan ere, Kate Millet-ek berak prostituzioari buruzko liburu bat du argitaratuta, liburua ez dute gaztelaniara itzuli, baina denak, Shulamith Firestone, Kate Millet, Susan Brownmiller, Andrea Dworkin, Catharine Mackinnon, Sheila Jeffreys, Kathleen Barry, Carole Pateman – “Kontratu Sexuala” idatzi zuena – abolizionistak dira. Feminismoaren historian beti izan da prostituzioa patriarkatuaren erakunde fundazionala dela dioen ideia.

Sexu askatasuna

– ​Nola planteatuko zenioke abolizionismotik kanpoko emakume bati prostituzioak ez duela zerikusirik emakumearen sexu-askatasunarekin, sexu-esplotazioarekin baizik?

-​Sexu-askatasuna izango litzateke zuk gustuko duzunean, sexu-askatasuna izango litzateke jokoan jartzen ari dena zure desira denean, baina sexu-esplotazioa da desira zurea ez denean, bestearena baizik; izan ere, kasu horretan dagoena zure desioaren abdikazio bat da, eta, beraz, ez gara sexu-askatasunaz ari, sexu-esplotazioaz baizik.

– Gaur egun, mugimendu feministak oso kontuan hartzen du intersekzionalitatea emakumeen zapalketan. Adibidez, Durangoko jardunaldietan, feminismo dekoloniala izan zen mahai nagusietako bat. Zein da intersekzionalitatea prostituzioan?

-Intersekzionalitatea edozein gizarte-mugimenduren bizitzaren parte da, mugimendu feministan ere bai. Arazoa da, agian, zer irakurketa ematen diogun intersekzionalitateari. Intersekzionalitatea menperakuntza-gurutzatze gisa definitzen badugu, emakume baten biografiako zapalketen gurutzatze gisa, orduan ezinezkoa da intersekzionalitate kontzeptua ez onartzea. Intersekzionalitate kontzeptuak zapalkuntza aztertzean lehentasuna ematen badie kultura-eremuari, arraza-eremuari eta edozein motatako zapalkuntzari patriarkatuaren zapalkuntzaren gainean jarriz, orduan ez nago ados.

Aboliziorako politikak

– Zeintzuk dira Espainiako estatuan prostituzioa benetan abolitzeko beharrezko neurriak?

-Lau politika-mota egin behar direla uste dut: lehena, klubak, burdelak eta pisuak ixtea, proxenetismoari aurre egitea. Bigarrena, putazaleei isuna jartzea. Izan ere, ahultasun egoeran dauden emakumeen gorputzak eskuragarri direla dioen mezua ezin zaio eman gizarteari. Hirugarrenik, berdintasunerako politika publikoak egin behar dira, baliabide askorekin eta prostituzioan ari diren emakumeentzat oso ondo diseinatuta. Emakume horiek berehalako egoitza-baimena, bizitzeko irtenbidea, seme-alaben zaintza egokia, lanbide-kualifikazioa eta kultura-prestakuntza merezi dituzte eta, oro har, laguntza psikologiko handia, guztiak hondatuta daudelako.

Prostituzio sistematik irtetea lortu dutenak abolizionismoan sartzeak agerian utzi du eta bere lekuan jarri du funtsezko ideia bat: gu abolizionistak gara kontzentrazio-eremu horiek amaitzea eta prostituzioan aritzen diren emakumeek pairatzen duten tortura amaitzea nahi dugulako. Laugarren politika hezkidetza da, ezinbestekoa baita desberdintasuna desaktibatzeko, hau da, hezkuntza-sistema bat behar da, non tailer asko egingo baitira haurrak berdintasunean sozializatzeko, ez dadin mutiko bat prostituzioan ari den emakume batengana joateko aukeraz baliatu, eta ez dezan neska batek ere tentaziorik sentitu horretara jotzeko zaurgarritasun egoerak bultzaturik.

Abolizionismoa unibertsitateetan

– Zergatik sartu behar da abolizionismoa unibertsitateetan? Zer eginkizun izan behar du haien barruan?

-Azkenean, eta denbora luzez eta zailtasun ugariren ondoren, abolizionismoa unibertsitatean sartu da, nire ustez, ate handitik; izan ere, prostituzioari buruz egiten ari dira ikerketa handiak, prostituzioan benetan zer gertatzen den erakusten digutenak, hau da, zein diren prostituzioan ari diren emakumeak, zein diren puteroak, nola funtzionatzen duen sexu-esplotazioaren industriak. Beraz, prostituzioa zer den jakin nahi badugu, ikuspegi abolizionistatik egindako ikerketetara jo besterik ez dago.

-Duela gutxi aurkeztu zenuten Prostituzioari eta Pornografiari buruzko

Azterketen Nazioarteko Sare Akademikoa. Nortzuk osatzen duzue, zeintzuk dira zuen helburuak eta zergatik sortzen da elkartzeko beharra?

-Prostituzioari eta Pornografiari buruzko Azterlanen Nazioarteko Sare Akademikoa unibertsitate-irakasle batzuek egin genuen, eta ikusi genuen prostituzioari buruzko ikerketa kritikoa egiteak zekarrela guri proiekturik ez ematea, eta gure ikerlana unibertsitate-sistemaren ertzetan kokatzea. Halaber, guk egindako ikerketa kuantitatibo eta kualitatibo guztiak gizarteak ezagutzea oso garrantzitsua zen, eta prostituzioaren benetako alderdia ezagutaraztea, baina bagenekien ikerketa-ildo hori indartzeko ikerketen unibertsitate-trukerako sareak erabili behar genituela. Espainiako eta atzerriko hogeita hamar bat unibertsitatek osatzen dute, Torontoko bat eta Mexikoko beste bat daude, eta guztira 70 emakume irakasle inguru eta gizonezko irakasleren bat.

Pornografia

-Pornografiari buruzko azken ikerketak adierazten du kontsumoa 8 urterekin hasten dela. Zer ondorio ditu errealitate horrek emakumeengan?

– Pornografia arazo bihurtzen ari da gizonentzat eta emakumeentzat, eta bereziki nerabeentzat, pornografia sexu-hezkuntzako benetako instantzia bihurtu baita. Umeek jada ez diete galdetzen amei eta gurasoei ezer sexuari buruz, nahiz eta konfiantza izan dezaketen, erantzun guztiak pornografian aurkitzen dituztelako, eta kontua da erantzun okerrak direla. Mutil askok pornografiarekin dute lehen esperientzia sexuala, eta esperientzia ahaztezina da, besteak beste, ez dutelako inoiz beste esperientziarik izan. Hori gorputzaren oroimenean geratzen da, eta erasokorrak diren sexu-praktika horietan trebatzen dira, sexu-praktika horietan emakumeak objektuak, gauzak,

salgaiak baino ez baitira. Jakina, pornografia ikusten ordu asko eman ondoren, ezin du bereizi eredu hori neskekin duen harremanetik, eta hori da arazoa.

– Joan den hilabetean, prostituziorako bi pisu aurkitu zituzten Barakaldon, emakumeak pilatuta bizi ziren bertan. Herrian prostituzio-etxe bat dago bi haur-eskolaren ondoan, erdi-erdian. Horrelako egoeretan, nola jardun dezakegu bakarka eta talde modura?

-Nik uste dut mugimendu abolizionista gero eta handiagoa dela, politikoki artikulatu behar da eta presio handia egin behar zaio Gobernuari, erakunde autonomikoei eta udal-erakundeei. Prostibuluak -arrazoi handia du Amelia Tiganusek- kontzentrazio-eremuak dira. Itxi egin behar dira. Eredu hori ikusita, errepideetan, herrietan, mutiko eta neskatoek ikasten dute onargarria dela gizonek emakume zaurgarrien gorputza sexualki erabiltzea. Horrek, gizarte eta zibilizazio gisa, lotsatu egiten gaitu.

Ezkerra eta feminismo erregulazionistak

– Zergatik ez da abolizionista mugimendu feministaren sektore bat eta ezkerreko zati bat?

– Ezkerreko sektore batek antikapitalista dela esaten du, edo ezker erradikala dela. Hala ere, uste dut Stockholmeko sindrome moduko bat dutela prostituzioan dauden emakumeekin, trans emakumeekin, emakume ijitoekin, emakume migratzaileekin, emantzipazio-subjektu politikoa galdu dutelako. Duela hamarkada batzuk galdu zuten, eta piramide sozialaren behealdean bilatu nahi dute, zapalduta dauden edo bazterketa soziala jasaten duten kolektiboen artean edo, nolabait esatearren, sistemaren zabortegitzat jotzen direnen artean. Nire ustez, egiten duten azterketa oso ulergaitza da, hau da, haiekin identifikatzea, baina ez dituzte kritikatzen kolektibo horiek izatea posible egiten duten erakundeak. Feminismoari dagokionez, bada sektore bat prostituzioaren erregulazioaren gaiarekin hasi zena, Gayle Rubin eta Judith Butler bezalako teorikoen eskutik; teoriko horiek ez dira berariaz feministak, baizik eta disidentzia sexualak legitimatzeko teorikoak. Beraz, nik uste dut hori dela sektore txiki batek aurkitu duen zirrikitua. Feminismoaren lana sexu-askatasunaren kontua dela uste dute, eta ez da horrela; feminismoaren emantzipazio-proiektuak sexu-esplotazioarekin, ustiapen ekonomikoarekin, gizarte-errespeturik ezarekin, doako lanarekin eta ia mundu osoan emakumeek pairatzen duten pobreziaren feminizazioarekin zerikusia du.